Menu Close
Slide 1
Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik

NONDIK NORAKOAK

IGO BOLUMENA! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik. JARDUNALDIA abenduaren 2an Barakaldon

Jardunaldia Barakaldon izango da abenduaren 2an, 9:15etik 14:30era. AHIZE-AEK-k antolatzen du, HPS, BFA eta Barakaldoko Udalaren laguntzarekin.

ZERTARAKO?
Ertzetatik euskara eta euskarazko kultura zabaltzeko oinarriak eta estrategiak lantzeko.

#Damolat Ikas Unitatea aurkeztuko da. Tresna honek periferietako gazteen artean euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa sustatzea du helburu.

ZERGATIK?
Kezka pizten duen gaia delako. Datuak agerikoak dira: euskararen ezagutza gero eta handiagoa da Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako gazteen artean, baina erabilera ez da areagotzen ari. Euskararekiko lotura badute, baina ez da praktikoa eurentzako.

Gehienek euskara ikastetxean jaso dute. Familia erdaldunetakoak izan arren, haur txikiek garatu dute lotura euskararen munduarekin. Hori posible da transmisiorako zirkuituak eta edukiak badaudelako, eta egunerokoan heltzen zaizkielako hamaika ipuin, istorio edo kantu euskaraz. Nagusitu ahala, ordea, euskararen munduarekin dituzten loturak ahuldu eta lausotu egiten dira. Ez dute euskararen mundua ezagutzen, eta ez daukate euskaraz sozializatzeko biderik. Euskararekiko duten lotura ikastetxera (hezkuntza formala) eta jaien eremura murrizten da; horren ondorioz, asoziazio, jarrera eta praktika zehatz oso mugatuak eraikitzen dituzte.

#Damolat Ikas Unitatea ahalegin bat da gazteek euskararekin eta euskarazko kulturarekin duten harremana indartzeko. IGO BOLUMENA! jardunaldian aurkeztuko da, eta gaiaren inguruko hausnarketak egingo dira, egun dauden esperientziak ezagutzeaz gain. Horretarako gonbidatu ditugu adituak, arituak, interesdunak, gazteak, irakasleak, kulturgileak, sortzaileak, eragileak...

Nolatan Barakaldon? Euskal Herrian erreferentziazko leku bat delako, askotan euskararen iruditeriatik urrun. Barakaldo, Ezkerraldea, Bilbo Handia eta hiriguneak, oro har, euskararen agendaren zentrora eraman nahi direlako. Euskararen normalkuntzaren erronka nagusietako bat euskaldun gehien pilatzen diren lekuetan, hirietan alegia, erabilera handitzea delako.

LANDUKO DIREN GAIAK

  • #Damolat Ikas Unitatea aurkeztuko da.

  • Ikas unitatearen oinarrian dagoen ikerketaren berri emango da: Nola hobetu euskara eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa periferiako gazteen artean. Bertan azaltzen diren gako eta erronka nagusiak landuko dira.

  • Euskararen munduaren periferia zer den zehazten saiatuko da eta honetan gazteek duten posizioa kokatzeko ariketa egingo da: motibazioak, mugimenduak, interesak...

  • Egun, euskarazko kultur sorkuntzan murgilduta dauden periferietako gazteen iritziak, esperientziak, eta ekarpenak aurkeztuko dira.

NORENTZAT
Euskararen eta euskarazko kulturaren ertzetan euskararen mundua ikusgarria, entzungarria, sentigarria... izan dadin lanean ari zaretenontzat: ikastetxeetako irakasleak, kultur eragileak, euskara teknikariak, euskaltegiak, hezitzaileak, elkarteak, gaztetxeak, erakundeak...

IZEN EMATEA DOAKOA DA
https://labur.eus/vn8d1

HARREMANETARAKO
678 686 948
ahize@aek.eus

NOLA HELDU
Clara Campoamor Kultura Exea

https://labur.eus/vn8d1

EGITARAUA

09:00-9:15
HARRERA ETA DOKUMENTAZIO BANAKETA

09:15-09:45
ONGI ETORRIA ETA AZALPENAK
• AHIZE-AEK
• Eusko Jaurlaritza Hizkuntza Politika saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta Barakaldoko Udala
Agurra:
• Eneko Axpe Iza "Maisha MC" (NASAko zientzialaria eta musikaria)

09:45-10:15
MUNDUA, ERTZAK ETA GAZTEAK
• Eduardo Apodaka Ostaikoetxea (EHUko ikerlaria)
• Irati Agirreazkuenaga Onaindia (EHU ikerlaria)

10:15-11:10
HEZKUNTZA SISTEMAREN ERRONKAK
Hezkuntza sistema euskarazko kulturaren transmisioan eta artikulazioan
• Iratxe Retolaza Gutierrez (Literatura-irakaslea eta kultura-hezitzailea)
Hezkuntza eragileekin solasaldia
• Joseba Ibarretxe Fernandez de Larrinoa (Berritzegune Nagusiko Normalkuntza-arduraduna)
• Alberto Barandiaran Amillano (Nafarroako Hezkuntza Departamentua - Euskara ataleko teknikaria)
• Ihintza Ostolaza Intxausti (Bernat Etxepare Lizeoko euskara-irakaslea - Seaska)

11:10-11:40
#DAMOLAT IKAS-UNITATEA
Ikerketaren nondik norakoak eta emaitza

• Naroa Jauregizuria Lopategi (AHIZE-AEK)
Ikas-unitatearen aurkezpena
• Amaia Gutierrez Urutxurtu (Ikastolen Elkartea)

11:40-11:55
ATSEDENALDIA

 

Image

11:55-12:45
TRANSMISIOA ETA SORKUNTZA, ARRAKASTARAKO GAKOEN BILA
Bideratzailea: Lander Muñagorri Garmendia (AHIZE-AEK)
Eusliderrak (Jon Eritz Gonzalez - AHIZE-AEK)
EuskarAbentura (Izaro Arruti Agirreurreta - Euskarabentura)
Albumak ikastetxeetan (Mikel Ibarguren Egibar - Formol laborategia)
Garatu: kultura sorkuntza eta pentsamendu kritikoa (Uxue Ruíz de Arkaute Acedo - Oihaneder Euskararen Etxea)

12:45-13:30
TA GAZTEOK ZER?
IGO BOLUMENA MAHAI-INGURUA

Bideratzailea: Iker Aginaga Garcia (kazetaria eta musikaria)
• Beñat Rodrigo “Kiliki Fresko” (ChillMafia)
• Lizar Begoña Madariaga (idazlea eta artista)
• Sara Nieto (abeslaria eta aktorea)

13:30-14:00
IKASLEEN KULTUR ETA HIZKUNTZ IDENTITATEEN BILAKAERAREN AZTERKETA
• Letizia Garcia Fernandez (MUko ikerlaria)
• Itsaso Junquera Aranburu (HUHEZI irakasle-eskolako ikaslea)

14:00-14:30
PIZTU. NONDIK ETA NOLA HASI. HAUSNARKETA KRITIKOA ETA BATERATZEA
Bideratzailea: Amaia Larruzea Urkixo (irakaslea)
• Letizia Garcia Fernandez (MUko ikerlaria)
• Maite Asensio Iparragirre (Urtxintxa eskola)
• Beñat Alzaga Olazabal (Aek-ko irakaslea)
• Natxo Urkixo Orueta (irakaslea)

IZEN EMATEA DOAKOA DA
Jardunaldian parte-hartzeko nahitaezkoa da aurretik izena ematea.

HIZLARIAK

MUNDUA, ERTZAK ETA GAZTEAK

EDUARDO APODAKA OSTAIKOETXEA (EHUko ikerlaria)

Filosofian lizentziaduna eta Soziologian doktorea da, biak Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saileko irakaslea da. Haren ikergai nagusiak hauek dira: identitatea, psikologizazioa, indibidualizazioa, botere-harremanak, agintearen legitimazioa, hizkuntza-praktikak... Hainbat argitalpen ditu aldizkari eta liburu kolektiboetan, eta, besteak beste, liburu hauek argitaratu ditu: Komunikazioaren gizarte psikologia (UEU, 2004) Norberaren autonomia krisian (Pamiela, 2012; Juan Zelaia Saria, 2011) eta Identitatea eta Anomalia (Pamiela, 2015).

Jardunaldian Mundua, ertzak eta gazteak izeneko hitzaldia eskainiko du, Irati Agirreazkuenaga EHUko ikerlariarekin batera. Gaur egun gazteek munduan nolako lekua duten aztertuko dute, eta “ertzak” definituko dituzte.

 

IRATI AGIRREAZKUENAGA ONAINDIA (EHUko ikerlaria)

Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da, eta nazioarteko doktore-tesia egina du Euskadi Irratiaren eta BBCko Radio nan Gaidheal irrati gaelikoaren kazetarien profil eta jarreren alderaketaz. Irakaslea da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta komunikabideak ditu bere ikerketa-gai nagusiak. Euskarazko irrati kazetarien hitza eta hotsa garai zailetan: 1956-1976 (Pamiela, 2017) liburua argitaratua du. Horrez gain, hainbat ikerketa eta artikulu plazaratu ditu.

Jardunaldian, Mundua, ertzak eta gazteak izeneko hitzaldia eskainiko du Eduardo Apodaka EHUko ikerlariarekin batera. Gaur egun gazteek munduan nolako lekua duten aztertuko dute, eta “ertzak” definituko dituzte.

 

HEZKUNTZA SISTEMAREN ERRONKAK

IRATXE RETOLAZA GUTIERREZ (Literatura-irakaslea eta kultura-hezitzailea)

Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal filologian lizentziatua da, eta Literaturan doktorea da Santiago de Compostelako Unibertsitatean. EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazio sailean irakaslea da, eta UEUko Literatura-sailburua. Euskaltzain urgazlea da. Euskal literatura izan da haren ikerketa-gai nagusia. Liburu hauek argitaratu ditu: 90eko hamarkadako narratiba: literatur kritika (Labayru, 2000) eta Malkoen mintzoa. Arantxa Urretabizkaia eta eleberrigintza (Utriusque Vasconiae, 2002); Jon Kortazarrek zuzenduriko Egungo euskal eleberriaren historia (EHU, 2007) koordinatu du, baita Egungo euskal komikiaren historia (EHU, 2017) ere; Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak (EDO!, 2013) bilduma kolektiboa koordinatu du Isa Castillorekin batera, eta Gure Genealogia Feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat (Emagin/EHBF, 2015) liburua osatu du, Edurne Epelde eta Miren Arangurenekin batera.

Euskal kulturaren transmisioaren inguruko hitzaldietan ere parte hartu izan du. Jardunaldian hitzaldi hau eskainiko du: Hezkuntza-sistema euskarazko kulturaren transmisioan eta artikulazioan.

 

JOSEBA IBARRETXE FERNANDEZ DE LARRINOA (Berritzegune Nagusiko Normalkuntza-arduraduna)

Zientzia Fisikoetan lizentziatua da, Astrofisika espezialitatean, Madrilgo Universidad Complutensean. Bigarren Hezkuntzako irakaslea da 1991tik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoan. Arrigorriaga BHIko Teknologia-irakaslea da 1997tik, eta ikastetxe horretako Hizkuntza Normalizazioko arduradun teknikoa 2001etik 2008ra, eta ikasketaburua 2008tik 2012ra. Basauri-Galdakaoko Berritzeguneko Hizkuntza Normalizazioko aholkularia izan da 2013tik 2016ra, eta Berritzegune Nagusiko Hizkuntzaren Normalizazioko Programaren arduraduna 2019tik gaurdaino.

Jardunaldian, Berritzegune Nagusiaren ordezkari gisa hartuko du parte, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan euskarazko kulturaren transmisioan egiten duten lanketaren adibideak aurkeztuko ditu.

 

ALBERTO BARANDIARAN AMILLANO (Nafarroako Hezkuntza Departamentua. Euskara ataleko teknikaria)

Geografia eta Historian lizentziatua da, eta Hizkuntzalaritza eta Dialektologian masterduna. Urte askoan aritu da kazetari-lanetan Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n, eta hainbat biografia eta saiakera ere argitaratu ditu; besteak beste: Dolores Ibarruri Pasionaria (Elkar, 1998), Ez zaigu ahaztu (Susa, 1998), Mundu txikia (Susa, 2005), Veleia afera (Elkar, 2010), Ez duzu abusatuko (Elkar, 2017; Iñigo Astiz eta Miren Rubiorekin batera), edo Gurea falangista zen (Susa, 2021). Hekimen euskal hedabideen elkartearen zuzendari izan zen 2012 eta 2018 urteen artean, eta egun Nafarroako Hezkuntza sailean dihardu euskara ataleko teknikari-lanetan. Euskal kulturaren transmisioa lantzeko Musikariak Ikastetxeetan programan jardun du azken ikasturteotan.

Jardunaldian, Nafarroako Hezkuntza saileko ordezkari gisa hartuko du parte, eta euskarazko kulturaren transmisioan egiten duten lanketaren adibideak aurkeztuko ditu.

 

IHINTZA OSTOLAZA INTXAUSTI (Bernart Etxepare Lizeoko euskara-irakaslea. Seaska)

Euskal filologian lizentziatua da Baionako eta Paueko Unibertsitatean. Logopedian masterduna, Bartzelonako ISEPen (Institut Superior D’estudis Psicològics); Euskalduntze eta Alfabetatzean diplomaduna (EHU) ere bada. Lanbidez, herrigintzan aritu da: AEK-ko irakasle (1993-2004), Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko langile (2004-2007) eta, gaur egun, Seaskako Bernat Etxepare Lizeoko euskara-irakasle da.

Jardunaldian, Seaskaren ordezkari gisa hartuko du parte, eta Ipar Euskal Herrian euskarazko kulturaren transmisioan egiten duten lanketaren adibideak aurkeztuko ditu.

 

 

#DAMOLAT IKAS UNITATEA

NAROA JAUREGIZURIA LOPATEGI (AHIZE-AEK)

Ikasketaz soziologoa, une honetan hizkuntza-kudeaketa aholkularia da AHIZEn, AEKren hizkuntza-aholkularitza zerbitzuan. Berdintasun- eta garapen-politiketan aditua eta aritua ere bada, eta 2013tik komunikazioan eta kultura-transmisioarekin lotutako hainbat ikerketa eta proiektu jarri ditu abian. Batik bat, aritu da nazio-eraikuntza eta garapenean branding delakoak eman ditzakeen onuren inguruan hausnartzen eta Euskal Herrian gai horren inguruan egin direnak jasotzen, ordenatzen eta bateratzen. Lan horren emaitza da UEUk argitaratutako Nazio Marka. Nola transmititu gure balioa liburua.

2017tik, Periferiako gazteak euskara eta euskarazko kulturaren transmisioa eta artikulazioa ikerketa eta proiektua garatzen eta zuzentzen dabil, besteak beste. Horren berri emango du jardunaldian.

 

AMAIA GUTIERREZ URUTXURTU (Ikastolen Elkartea)

Kimika Zientzietan lizentziatua, STEM arloetako irakaslea eta Elorrioko Txintxirri Ikastolako zuzendaria izan da 2000-2004 bitartean eta 2011. urtean. Nazioarteko “Knowing traditional dances” (Elorrio-Bulgaria-Italia) hezkuntza-proiektuaren koordinatzailea izan zen —Comenius programa, Europako Agentzia (2001-2004)—. Irakaskuntza-lana eta material didaktikoen sorkuntza uztartu ditu, eta Ikastolen Elkarteko Naturaren Zientziak lantaldeko kide izan da, Ikaselkareko EKI-DBH proiektuko Biologia eta Geologia eta Fisika eta Kimikako material didaktikoak sortu dituelarik. 2019ko irailetik, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Bigarren Hezkuntzako arduraduna da, zuzendaritzako kidea.

#Damolat unitate didaktikoaren lanketan aritu da, Naroa Jauregizuriarekin elkarlanean, eta jardunaldian proiektu hori aurkeztuko du.

 

TRANSMISIOA ETA SORKUNTZA, ARRAKASTARAKO GAKOEN BILA

EUSLIDERRAK (Jon Eriz Gonzalez Pereira, AHIZE-AEK)

Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak garatutako tailerra da. Hizkuntza-ohitura berriak sortzea du helburu, euskara gehiago erabiltzeko baliabideak eta erraztasunak emanda. Lantegia modu dibertigarrian bideratzen dute Ahize-AEK-ko kideek, parte-hartzaileen interesetara egokiturik eta unean uneko helburu lorgarriei eutsita. Hainbat eremutan eskaini izan dituzte Euslider tailerrak: hezkuntzan, DBH 3 eta DBH 4 mailako ikasleen zein irakasleen artean; kiroletako zein aisialdiko monitoreen artean; administrazio publikoetako langile zein arduradunen artean... Tailerrak malgutasuna du hainbat egoeratara egokitzeko. Dena den, batez ere hezkuntzako ikasleei eskaintzen zaie.

 

EUSKARABENTURA (Izaro Arruti, Euskarabentura)

2018an abiatu zen Euskarabentura proiektua. 16-17 urte arteko Euskal Herriko zazpi probintzietako zein euskal diasporako 120 gazte elkartzen ditu ekimenak, eta hilabetez euskal lurralde osoan zehar ibiltzen dira inguruko bazterrak eta ekimenak ezagutzen; dena euskaratik eta euskaraz. Sustatzaileek Ruta Quetzal izeneko espedizio-sortaren “euskal aldaera gisa” izendatu izan dute. Hilabeteko abentura horretan parte hartzeko, gazteek hautaketa-prozesu bat gainditu beharra daukate, eta lan bat egin. Euskarabenturaren hiru edizio egin dira orain arte, eta horietako bakoitzean ikerketak egin dituzte gazteen hizkuntza -ohituren aldaketei buruz.

 

ALBUMAK IKASTETXEETAN (Mikel Ibarguren Egibar, Formol laborategia)

Formol Konpainiaren ildoak dira euskal kulturaren eta artearen jarraitutasuna bermatzea, gazte-belaunaldien ahotsetatik lan egitea, eta arte eszenikoen esperimentazioa. Egun, Maketa (2020) eta Album (2021) antzezlanen sorkuntza-prozesuan buru-belarri ibilita, gure belaunaldiari (millennialei) buruzko barne-hausnarketa bat plazaratu nahi izan dute, berori arte eszenikoaren kode berriekin jolastuz. “Albumak ikastetxeetan” proiektuaren helburua da ikasle nerabeek sormen- eta esplorazio-prozesua egitea; arte eszenikoen bitartez, hain belaunaldiari buruzko hausnarketa-prozesu batean barneratzea.

GARATU: KULTURA SORKUNTZA ETA PENTSAMENDU KRITIKOA (Uxue Ruiz de Arkaute Acedo, Oihaneder Euskararen Etxea)

Oihaneder Euskararen Etxeak 2021ean estreinakoz antolatu du Garatu programa. Egitasmo horrek hamabost gazteren arteko talde kohesionatu bat sortu nahi du, guneak zein uneak eskaini nahi ditu kulturari modu kritiko eta parte-hartzailean erreparatzeko. Horrez gain, programak sortzaile gazteen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du. Azarotik abendurako, lau larunbatetan tailerrak egingo dituzte, eta ikastaroa amaitutakoan partaideek ekimen edo ikus-entzunezko bat antolatu beharko dute.

TA GAZTEOK ZER? IGO BOLUMENA MAHAI-INGURUA

BEÑAT RODRIGO ‘KILIKI FREXKO’ (abeslaria, Chill Mafia)

Chill Mafia musika-talde iruindarreko abeslaria da. Taldeak 2021 urte-hasieran argitaratu zuen Gazte arruntaren koplak kantak hedapen handia izan zuen, eta haren ondoren, Ezorregatik x berpìzkundea lehen lan luze kaleratu dute, bai eta sona handia lortu ere Euskal Herrian. Rodrigok tronpeta-ikasketak egin zituen musika-kontserbatorioan, eta, Chill Mafian ez ezik, Jah Goikoa eta Reggae Zaharra taldean ere aritzen da musikari.

 

LIZAR BEGOÑA MADARIAGA (Idazlea eta artista)

Artean graduatua, gaur egun Artea eta Ikerketa masterra egiten ari da. 2020an Aro Beilegia poesia-liburua argitaratu zuen Balea Zuria argitaletxearekin, eta horri esker Donostia Kulturaren III. Poesia-lehiaketa irabazi zuen. Urte berean, BilbaoArte Fundazioarekin urtebeteko beka eskuratu zuen. Gaur egun, irakasle da AEKn, eta Algortako irakurle-kluba dinamizatzen du.

 

SARA NIETO MORENO (abeslaria eta aktorea)

Abeslari eta aktore bilbotarra antzerki- eta dantza-ikasketak egiten ari da Madrilen. ETBko Bago!az lehiaketan parte hartu zuen, eta Go!azen telesailean ere parte hartu zuen, Lore Lertxundiren papera interpretatuz. Sona handia lortu zuen sare sozialetara igotzen zituen bideoengatik, baita aurpegia makillatzeko moduagatik ere.

 

IKASLEEN KULTUR ETA HIZKUNTZ IDENTITATEEN BILAKAERAREN AZTERKETA

LETIZIA GARCIA FERNANDEZ (MUko ikerlaria)

Lehen Hezkuntzan graduatua da, eta Mondragon Unibertsitatean Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleaniztunetan masterra egin du. Bertako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI) doktorego-tesia egiten ari da, hezkuntzako ikasleen sarrerako eta irteerako hiztun-profila aztertzen. Haren ikergai nagusiak ondokoak dira: gazteen euskararen ezagutza, hizkuntzen erabilera eta hizkuntzekiko jarrerak zein identitate linguistikoak.

Jardunaldian, Ikasleen kultur eta hizkuntz identitateen bilakaeraren azterketa izeneko hitzaldia eskainiko du, Itsaso Junquera HUHEZIko ikaslearekin batera. Irakasle ikasketak egiten ari diren gazteen hiztun- eta kultura-profilak aurkeztuko dituzte, eta ikerketa-subjektu den Itsasoren lekukotzarekin elikatuko dute.

 

ITSASO JUNQUERA ARANBURU (HUHEZIko irakasle-eskolako ikaslea)

Haur Hezkuntzatik Batxilergoa amaitu arte B ereduan ikasi du basauriarrak, eta egun Haur Hezkuntzako irakasle izateko ikasten ari da HUHEZIn. Bertan hasi baino lehen, euskara B2 maila eskuratu zuen, eta orain C1 maila prestatzen ari da. Haren testuingurua erdalduna da, eta, beraz, euskaraz bizitzeko aukera gutxi dauzkala dio; hala ere, unibertsitatean hasi denetik euskaraz hitz egiteko egokiera gehiago izan ditu, Eskoriatzako ingurunea euskalduna delako.

Letizia Garcia gidatzen ari den ikerketan parte hartzen ari da, eta jardunaldian harekin batera hitz egingo du horri buruz.